1836ko maiatzaren 5ean, Euskal Herrira iritsi berri zen Britainiar Legio Osagarriak, George de Lacy Evans jeneralaren agindupean, Donostia setiatuta zuten karlistei egin zien eraso. Karlistek gogor egin zieten aurka, baina azkenean Hernanirantz egin zuten atzera, eta hiru kanoi utzi zituzten bidean. Donostiar liberalek pentsatu zuten britainiarren laguntzarekin gerra ia irabazita zegoela. Iritzi hori islatzen dute liberalen artean zabaldu ziren bertso hauek:
Egun oroigarria
maiatzaren bosta,
Donostian egin da
odolezko festa;
asko bazaigu ere
funtzioa kosta,
faziosoak ziran
ingurutik bota
Ea bada, karlista,
zaude jakiņean,
etzerala soldadu
aiek adiñean;
ez artu ingelesik
zere mingaņean,
muņ egingo diezu
oraindik oñean
Artu duan ezkero
hainbeste bat neke,
gure erantzuera
ark merezi luke;
nere eskuan gauza
baldin balegoke,
egingo nuke Evans
Aieteko Duke