Biografiak

Richards Lyde Hornbrook 1783. urtean jaio zen, seguruenik Plymouth hirian. Errege Marinan sartu zen eta Napoleonen aurkako gerretan parte hartu zuen. 1836ko ekainean Donostiara iritsi zen lehen karlistadan parte hartzeko. Pasaiako Lord John Hay gotorlekuan hartu zuen ostatu, eta bertan akuarelaz marrazki batzuk egin zituen. Oriamendiko batailan, eta Hernani, Irun eta Hondarribia hartzen parte hartu zuen. Euskal Herrian 1840. urtera arte egon zen. Plymouthen hil zen, 1856. urtean.

Thomas Lyde Hornbrook, aurrekoaren seme, 1808an jaio zen eta itsas margolari bezala bere ospea lortu zuen. 1830 inguruan ezaguna izaten hasi zen eta bere lanik onenetakoak egin zituen, egun Greenwichko National Maritime Museum eta beste hainbat bildumetan gordeak. 1836ean Britainiar Lejioko ofizial modura etorri zen Donostiara, bere aitarekin bat eginez. Gatazka honi buruzko zenbait akuarela egin zituen, horietatik batzuk litografia modura erreproduzitu zituen Londresen argitaratu zuen lanean: "Twelve views in the Basque Provinces illustrating several of the actions in wich the British Legión was engaged with Carlist Troops". Ustez bere aitarekin batera itzuli zen Ingalaterrara 1840ko abuztuan. Plymouthen hil zen 1855.eko abuztuan.

Creative CommonsGipuzkoa.net2009 XIX MENDEKO albuma. Gipuzkoako Foru Aldundia.